Sormen artistikoa kulturaren oinarrietako bat da; ezinbesteko osagaia da, kulturari laguntzen baitio aurrera egiten,
gizarte-errealitate berrietara egokitzen eta gure gizartearen galderak eta kezkak argitzen. Politika kultural bat
definitzean, sormen artistikoarentzako laguntza funtsezko
elementu bat izaten da.
Bizkaia sormenezko bokazioa duen lurraldea da, eta ondo
ulertzen du sormena eta berrikuntza funtsezko kontzeptuak direla gizarte moduan aurrera egiteko, eta kohesioaren
bitartez, etengabe aldatzen ari den inguru globalizatuaren
erronka zailei erantzuteko.
Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak urteak daramatza
gure gazte sortzaileen alde egiten, haien prestakuntza hobetzeko bekak ematen eta artearen sozializazioa bultzatzen, museoei eta udalen erakusketa aretoei lagunduz.
Izan ere, ERTIBIL BIZKAIA izeneko Ikusmen Arteen Erakusketa Ibiltaria sormenari eta sortzaileei laguntzeko tresna
bat da. Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Sailak antolatu
du ERTIBIL erakusketa, eta 2013ko bidaia, Bilboko Rekalde Aretoan hasi eta Gasteizko Montehermoso Kulturunean amaituko du. Erakusketaren hogeita hamaikagarren
edizioa Bizkaiko Lurralde Historikotik kanpo aurkeztu nahi
izan dugu, lehenengo aldiz.
ERTIBILek honako helburuak ditu: Bizkaian sormenari
lotuta dauden joera berriak ezagutzera ematea eta arte
garaikidea herritarrengana hurbiltzea. Horregatik, gure artista gazteen arteaz goza dezagun, bisita gidatuak egingo
dira erakusketa hartuko duten udalerri guztietan. ERTIBIL
BIZKAIAren bidez, gainera, talentu berrien agerpena bultzatu nahi da, eta aurten parte hartu duten artisten lanak,
guztira 163, balioetsi nahi dira.
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkiet lanak aukeratu dituen epaimahaiko kideei, egindako lanagatik, eta ERTIBIL
BIZKAIA erakusketan parte hartu duten artistei. Azken
hauei, gainera, bide horretan lan egiteko adorea eman
nahi diet, guztion ahaleginari esker Bizkaia erreferentzia
saihestezina izan dadin oraingo sormen artistikoaren
esparruan.