Mercadillo, Mayor edo Barbadun deritzon ibaiaren arroaren gutxi gora-beherako azalera 97 km²-koa da eta hegomendebalde-iparrera norabidean hedatzen da. Ubide nagusiak 15 kilometro inguruko ibilgua du eta Mercadillo inguruan eratzen da (Sopuerta, Goritza eta Abellaneda edo Bezi ibaiek bat egiten duten tokian; Goritza, Kolitza menditik dator (874 m) eta Abellaneda edo Bezi, La Cabaña (519 m) eta Cabeza (482 m) mendietatik. Gero, ubide nagusiari, eskumatik, Liman errekastoa eta Galdames ibaia batzen zaizkio, biak ere Eretzatik (873 m) datozenak eta baita Cotorrio ere, azken hau Trianoko Mendietan (673 m) sortu dena. Somorrostro igaro eta beherago ugarana hasten da, La Arena hondartzan itsasoratu arte padura eta haremunez inguraturik dagoena. Arro hau eta Galindo ibaiaren arroaren artean Trianoko mendiak daude; Barbadun ibaiaren arroa eta Kadaguarenaren arteko mugan Sasiburu mendikatea dago, hots, Kolitza, Ubieta eta Eretza bezalako mendiak.