Aretako mendimultzoko mendirik garaiena dugu Baigura. Hori dela eta, mendizale gehienen jomugan egoten da erraldoi hau. Hala ere, Baigura ez da bere garaierak iradoki lezakeen bezain zirraragarria: profil leun eta lau samarrekoa dugu, baso eta soroz estalia. Erraldoi otzana dugu Baigura.
Igoera anitz eta arras desberdinak egin ditzakegu. Azparren eta Elkoatz herrietatik abiatzen dira biderik ezagunenak, baina Abaurregainetik ere igo gaitezke, baita Erremendiako mendatetik ere. Aukera izanez gero, horietako batzuk konbina genitzake, alde batetik igo eta bestetik jaisteko.
Hain mendi zabala izanik, hainbat "satelite" ditu inguruan, txangoa luzatu edo aberasteko erabil genitzakeenak: Maitza, Motxorro, Urdinaga... aukera batzuk besterik ez dira Aretako erraldoiaren inguruez gozatzeko.